TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 5. eguna, Tavascan-Refugi de Conangles

21_07_01

Nolakoak diren gauzak. Atzo eguna pentsamendu ilunekin beteta bukatu nuen, eta 6 ordu lo egin ondoren, gorputzak reset egin, eta beste era baten ikusten da dena. Gaur hamar ordu lo egin izanaren sentsazioarekin esnatu naiz goizeko lau t’erdietan, eta ohean egiteko askorik ez neukanez, arropa jantzi eta mendirantz joan naiz. Atzo zein gaizki pasatu nuen ahazteko asmoarekin irten naiz gaur, inongo helmuga zehatzik gabe. Gorputzak nahikoa zela esan arte korrika egiteko gogoa nuen bakarrik, eta orduan, gelditu. Berdin zitzaidan ordu bat, bi, bost edo hamalau ibili, burua gizonezkook hain gustuko dugun toki horretan baineukan, ezertan pentsatzen ez deneko tokian hartan, oinez ibili edo korrika egin, besterik ez. Gauzak horrela, konturatzerako Montcaubo jaisten nengoen, eta nire aurrean d’Aneuko bailara izugarria ireki zait.

20_07_0420_07_05

La Guingueta atzean utzi eta hirugarren martxa sartuta, Estany de St. Mauricira bidean jarri naiz. Espot herritik nindoalarik, croissant batzuk niri deika hasi dira kafetegi baten barrutik, eta honezkero dakizuenez, heziketa fineko gizona naiz ni eta kasu egin behar izan diet… jakin izan banu!!! Croissantekin eztarrian joan naiz ia Estany de St Mauricera iritsi arte!!!! St Mauricen, Aiguestorteseko bailaran sartu naiz, orain arte bidean aurkitu dudan tokirik ederrena. Bertatik pasatzen da “Carros de Foc” buelta zirkular famatua, zeinaren errekorra, nire lagun handia den Txus Romonek daukan. Egunen baten buelta hori egiteko itzuli beharra daukat. Bailarari eragozpenen bat jarri beharko banio, lakuen inguruetan dauden belardietako euli kopuru zenbatezina litzateke; une batez argazki bat ateratzeko gelditzea bururatu zait, eta gutxienez 100.000 eulik inguratu naute (100, gobernu zibil eta ABCren arabera), eta erreskate bat ordaindu behar izan dut bakean utz nezaten (ez da inongo erreskaterik ordaindu gobernuaren arabera, terroristekin ez baita negoziatzen). Ustekabekoaren ondoren, goseak berriz aurrean hartu nau eta Colomerseko aterpetxean tortilla otarteko bat jan ostean, eguneko azken zatiari ekin diot.

20_07_0420_07_05

Gauzak nola joan direnaren arabera, Restancako aterpetxean lo egitea pentsatuta neukan hasieran, baina indartsu ikusi dudanez nire burua, animatu eta Conangleseko aterpetxeraino iritsi naiz, hilda, baina aurpegian kabitu ezineko irribarre batekin. Eguneko ukitu negatibo gisa, Lac de Riusetik Conangleserako jaitsiera handian, justu amaieran, izan dudan erorikoa azpimarratuko nuke. Orain, hotzean, belauna kexu da. Ikusiko dugu ea bihar zer dion.

21_07_01

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA BY COMPRESSPORT 4. Eguna, Malniu – Tavascan

20_07_0420_07_05

Ez dakit gainean daramadan adrenalinagatik edota nire ondoan Trol baten antzera zurrunga egiten zuen basurdearengatik izan den, baina gaur ez dut batere lorik egin. Fer-en bisita jasotzeak (Fernanda Maciel) asko animatu nau, eta ilusio horrekin irten gara Malniuko aterpetxetik. Bere agenda estuaren jakitun, ez nau batere harritu ibilbidea hasi eta ordubetera joan behar izan denean. Besarkada estu bat, eta bakoitzak bere bidetik jarraitu dugu, hortaz.

21_07_01

Giro-tenperatura ona izan da, eta ingurua zoragarria. Errekasto txikiak nonahi, beraien bitarteetatik jolastea ahalbidetzen zuten granitozko bloke handiak, marmota iskanbilatsuak,… Baina Maldriu bailarako jaitsieraren erdian, nire eskuin belaunak huts egin dit bat-batean, eta lurrean bukatu dut. Ez diot garrantzi handiegirik eman, hamar minututara gauza bera gertatu zaidan arte. Ez dakit atzoko jaitsiera gogorragatik edo zergatik izango zen, baina nire belaunak ez zuen ondo erantzuten eta errezeloa hartzen hasi naiz. Zubi nire fisioak esandakoari kasu eginez, Encampen izotza jarri eta koadrizepsa belaunezurrarekin batzen deneko tokiari masaje pixka bat eman diot, ondoren, suabe-suabe berriz irtetzeko.

21_07_01

Gaur, Andorrako Printzerriko malda gogor eta itzelak igotzen eta jaisten ibiltzea, “ia-ia” bikotearekin Andorra la Vellara dendaz denda joatea bezain gogorra dela esan dezaket… Sentsazioak ezin txarragoak izan dira, eta egia esateko, ez dut ezer disfrutatu. Hori gutxi balitz, ez naiz pilak agortu zaizkion bakarra izan. Ibilbide erdian, nire GoProak ere kuluxka bat egitea erabaki du.

21_07_01

Bihar ez dakit zer egingo dudan, momentu honetan guztiz haustuta nago, eta ez dakit zerbait egingo dudan ere. Orain lo egin eta atseden hartzea besterik ez dut buruan, eta bihar, ikusiko da.

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA BY COMPRESSPORT 3. Eguna, Beget – Malniu

Aurretik egun luzea izango nuela nekienez, nire POLAR V800eko iratzargailuak goizeko 5etan esnatu nau, nire gogoz kontra izan bada ere. Zuku, banana eta ogi apur batekin lagundutako kafesne batek osatutako gosari arin baten ondoren, aurrera! Egunak argitzen zuen bitartean irten naiz, eta hasiera batean hotz pixkat sentitu arren, Begetetik Moli d’en Sorolla bitarteko etengabeko igoerak, segituan epeldu nau. Eguneko lehen erdiaren zatirik handiena igotzen izan da, Mollo, Puig Moscos, Coll de Liens,… Basoez agurtu naiz gaur, eta Pirinioetako belardien paradisuan sartu. Lehen kontrol gunea Setcases deituriko herri ederrean izan da. Bertara iristea ikaragarri kostatu zait, hain irrikatutako marka zuri eta gorriek nirekin ezkutaketan jolastea erabaki baitute herrira bidean zegoen pinudian.

20_07_04 20_07_05

Setcasesko irteeran hasi dira eguneko lehenengo eragozpenak, Coll de la Marranak dituen 2500 metrotik gorako garaierararte zihoan malda gogor baten itxuran. Zati honetan gaizki pasatu dut, eta aldi luze batez oinez jarraitu dut, 2800 metro baino gehiagoko garaierara. Ez dakit indartsuegi joateagatik edo garaieragatik beragatik, beherakada garrantzitsua izan dut bertan. Zorionez, Santuario de Nuriako jaitsieran indarberritzea lortu dut, eta indartsu hasi ahal izan dut eguneko igoerarik gogorrena, Puigmalerako igoera. GR11 ez da 2913 metrotako gailur honetatik igarotzen, baina Transpirenaica gidaliburuaren arabera, igoera honekin bidaldi egun bat aurrezten da, eta batez ere, ikuspegiak ikusgarriak dira. Puigcerdarako jaitsiera amaigabea iruditu zait, eta une batez koadrizepsik gabe geratuko nintzela pentsatzera iritsi naiz!!! Eskerrak herri honen atarian d¨Arabo ibaia neukan beso zabalik nire zain, eta bertan murgildu dira nire hanka jipoituak…

21_07_01

Gutizi bat eskaini diot nire buruari txokolatezko napolitana forman Puigcerdan, eta eguneko azken igoerari ekiteko prestatu naiz, Malniu aterpetxerako igoera hain zuzen. 15 ordu baino gehiagoren ondoren, azkenean biziki eskertu dudan pasta eta garbantzuzko zopa baten aurrean eseri naiz.

21_07_01

Bihar, seguruenik egunotako etaparik gogorrena izango dena daukat aurretik, Malniuko aterpetxetik Tavascanera… Welcome to Violence!!!!!!.

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA BY COMPRESSPORT 2. Eguna, La Jonquera – Beget

21_07_01Bigarren etapa bukatuta, Pirinioek agerpena egin dute gaur azkenean, gozatzen hasiak gara!!! La Jonquerako milaka kamioiren zirkulazio zorotik ihesi irten naiz, ondoren elkarren artean gurutzatzen ziren pistaz betetako artelatz-baso batekin borrokan egiteko, hain irrikatutako marka zuri eta gorriak benetan urriak baitziren. Ez dakit nola egin dudan, baina gaur ez naiz galdu, eta baso liluragarrietatik igarotzen ziren bidexka ederrez, eta iturburu txiki gardenetatik zihoazen ur freskoez gozatu ahal izan dut. Empordako panoramika zabalez ere disfrutatzeko aukera izan dut, eta ezerezaren erdian kokatutako eliza eta baseliza zahar batzuk aurkitu ditut, ondoegi ulertzen ez dudan arren ze eliztar joango ziren bertara eraikinon une gorenean. Debozio asko behar zuten izan…

20_07_04 20_07_05

Ez da dena, baina, arrosa kolorekoa izan gaur. Tortilla ogitarteko bat eta oso atsegin izan zaizkidan garagardo bi irentsi ondoren, goiko horrek ere esaten baitzuen “ez da ogiz bakarrik bizi gizona!”, Albanya herria atzean utzi eta Bassegoda gailurra igotzeari ekin diot (euskal jatorria izan dezakeen izena daukana, Goiko basoa). Hamar kilometro zementu nituen zain, alajaina! 13:30, bero jasanezina… Eskerrak etaparen gainontzeko zatia zoragarria izan den… Gaur ez da aitzakiarik egon, izugarri pasatu dut!! 20:00tan, Trail Running hutseko 12 ordu t’erdiren ondoren, Begetera iritsi naiz. Non lo egin bilatu, arropa eta guzti dutxatu (biharko garbi izateko), afaldu, eguneko kronika idatzi eta ohera. Bihar gehiago, eta hobeto!!!

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA BY COMPRESSPORT 1go Eguna, Cap de Creus – La Jonquera

20_07_0220_07_03

Ibilbide berezi honetako ekintzarik zailena lehen pausua ematea da, eta gaur, azkenean, milaka bihurtuko diren pausuotako lehenengoa eman dut. Nire asmoa goizeko 6 edo 7ak aldean irtetea zen, baina azkenean, logistika arazoak medio, 08:45tan irten naiz. Mediterraneoari azken begiratu bat egin eta aurrera.

20_07_04 20_07_05

Lehenengo zatia Cap de Creuseko ilargi-paisaiatik igaro da, oso dibertigarri eta entretenigarria, ondoren aurkituko nuenarekin batere zerikusirik gabekoa. Lehenengo akatsa El Port de la Selva herrian burutu dut. Puntu horretan, GR98 edo 93ak, GR11rekin bat egiten zuten, eta ia Cadaqueseraino joan naiz… Bi ordu galdu, zoro-zoroan!! Atzera bueltatu, eta Llancan GR11 hartu dut berriz. Llanca eta Espolla bitarteko zatia ikaragarria izan da, bero asko, eta batez ere, asfalto gehiegi. Nahikoa urduritu naiz eta zatirik handiena oinez egin dut, ez neukan korrika egiteko motibaziorik. Zorionez, Espolla atzean uztearekin batera dena aldatu da, eta nekatuen nengoen momentu horretan gozatu dut gehien.

20_07_06 20_07_07

Espolla eta La Jonquera arteko zatia trumoi eta zaparrada handien artean egin dut, baina helmuga gertu zegoenez, ez naiz gehiegi kexatu. Orain indarberritzea tokatzen da, bihar oso egun gogor bat daukat aurretik eta.

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA BY COMPRESSPORT

Zigor Iturrieta mendiko korrikalariak Pirinioak gurutzatuko ditu 10 egunetan, GR11 bidea erabiliz eta kanpoko laguntzarik gabe.

Proiektuak Pirinioetako mendilerroa alderik alde gurutzatzean datza, Mediterraneo itsasotik hasi (Cap de Creus, Catalunya) eta Kantauri itsasoan bukatu arte (Higer lurmuturra, Euskal Herria), GR11 bidea erabiliz.

Mendi eskalada, duatloi eta triatloietatik igaro ondoren, 2008an hasi zuen Zigor Iturrieta Ruizek (Euba, 1974) bere mendiko korrikalari ibilera. 2009an UTMBan parte hartzeko baliagarriak suertatuko zitzaizkion beharrezko puntuak eskainiko zizkion hiru ultra egin zituen. 2010ean lasterketa horretako hirugarren postua lortu zuen, eta 2011an Transgrancanaria, Trail du Sancy eta G2H lasterketak irabazi zituen. Bere baitan ditu Lavaredo Ultra Traileko (2012) laugarren postua eta Geres Traileko (2014) bigarrena ere.

Ibilbidea, kanpoko laguntzarik gabe burutuko du. Ez da autosufizientzia proba bat izango, non korrikalaria biziraupen esperientzia batera arriskatzen den, ezta material edo elikagaien garraioan kanpoko laguntzaileek urgatzitako proba bat ere… Jantzi eta elikadura mailan behar-beharrezkoak baizik ez ditu eramango motxila batean, eta Pirinioetan barreiatuta aurkitzen diren aterpeak erabiliko ditu bertan jan eta lo egiteko. Korrikalariak bere buruari eskainiko dio sorospena bere beharrizanak asetzeko premiazkoak lortzerako orduan, hortik dator modalitatearen izena. Ez du ostatuetan aurretiazko erreserbarik burutuko, guneren batzuetan aterperik aurkitu ezean, izarpean lo egin (horretarako manta termiko bi izango ditu) edo bere bidearekin jarraitu beharko duelarik. Ildo beretik, gauza bera gertatuko zaio hornigaiak lortzeko biderik zuzenenetik desbideratu, eta herriguneren batera hurbildu behar izango duenean.

Irteera Cap de Creusetik izango da, uztailaren 20an, igandean. Distantzia eta altuera gorabeherak orientagarriak izango dira, baina 800 km baino gehiago eta 40.000 + metro baino gehiago izango lirateke. Asmoa ez da inongo errekorrik egitea, korrikalariaren eta mendiaren arteko amodio harreman bat ezartzea baizik; egunero korrika egitera irten, gozatu, eta indarrak agortzen direnean, gelditu, lo egin, atseden hartu eta jarraitu. Eguneko 4 etapa burutzea da xedea, baina hori kalkulu bat baino ez da, batzuen eta besteen artean luzera eta zailtasun ezberdintasun handiak egongo baitira. Abentura hau oraindik merkaturatu ez diren Compressport produktu berriak probatzeko baliatuko du, eta ibilbide osoa hamar bat egunetan burutzea zenbatesten da, uztailaren bukaera alderako.

Duela hiru urte hasi zen Zigor Iturrieta GRak egiten. Beti ibilbide berdinetatik entrenatzeaz aspertuta, aspektu askotan ustiatu zitekeen aprobetxamendu potentziala ikusi zuen GRetan: bideak behar bezala seinaleztatu eta zainduak zeuden, toki ikusgarriak ezagutzeko aukera eskaintzen zuten, eta gehienak esanguradun bide historikoei lotuak zeuden gainera: Ardo eta Arrainaren GR38 bidea, adibidez, edota zonalde honetan hain garrantzitsua izan zen Transhumantziarena. Talde irteerak antolatzen zituen ibilbide hauen inguruan, ezagutzak, esperientziak, etab. beste lasterkari edo zaleekin trukatzeko. Hau da GR bat modu honetan abiatzen duen lehen aldia. Hala ere, elkarbanatzearen filosofiak bertan dirau.

GoPro kamera bat eramango du soinean. Berarekin jasoko ditu egunero sare sozialetara igoko dituen une eta irudiak, ontziko liburu bat bailitzan. Sare horietan, hurrengo eguneko bere ibilbidea iragarriko du, inguruan dabilen oro berarekin nahi beste kilometro elkarbanatzera gonbidatzeko. Egitandi honetarako, Zornotzako Udalaren eta Compressporten laguntza jaso ditu.

Zigor Iturrietari galdera: Zergatik Pirinioak?

¿Por qué? Como dijo una vez un gran montañero, porque están ahí. Desde pequeño, todos los años he ido de vacaciones con mis padres, amigos o parejas algunos días a los Pirineos. He paseado, corrido, escalado y pedaleado por ellos y siempre que vuelvo, conozco algo nuevo. Me apetecía tener una aventura así, un romance solitario entre la montaña y yo, y qué mejor pareja para ello que nuestros preciosos Pirineos, Auñamendiak en la antigua lengua vasca, monte de cabras.

Tagged with:
Posted in Blog