Beno, istorio guztiek amaiera duten bezalaxe, honi ere berea iritsi zaiola ematen du, eta berandutxo izan arren, hemen doakizue azken eguneko kronika. Atzerapena barkatzea espero, zorakeria hau bukatu zenetik ez bainaiz gelditu, eta orain, Bretainiako itsasertzeko oporretako arratsalde lasai hau aprobetxatuz, nire azken etapako xehetasunak kontatuko dizkizuet.
Egia esan behar badut, eguna nola hasi zen ikusita, une batez, norbaitek begizkoa egin zidala pentsatzera iritsi nintzen, eta ezingo nintzela Higer lurmuturreraino iritsi, egun horretan behintzat. Goizeko seietan gauzak prestatzen nenbilen jada, Sorogaineko aterpetxean gosariak zazpiak arte ematen ez zituztela nekien arren. Nerbioek ez zidaten lorik egiten uzten. 6:55 eta jantokiaren ateetan nengoen, itxaroten. Han ez zegoen inor. 7:00 eta arduradunaren berririk ez, urduritzen hasia nintzen. 7:05 eta atea jo nuen, ezer ere ez. Nire onetik ateratzen ari nintzen jada. 7:10ean, MIR Espazio Estaziotik ere entzungo zen EGUN ON bat bota nuen azkenean. Bi minututara, arduraduna eskaileretatik behera jaisten ikusi nuen, lo gelditu izanagatik barkamenak eskatuz. Azkar batean prestatu zuen gosaria irentsi ondoren, 7:30etan Iturrunburura bidean nengoen. Aterpetxearen irteeran zegoen errekastoa zeharkatzera nindoan unean, irrist egin eta nire hezurrek ur hotzarekin egin zuten topo… Kristorenak eta bi esan nituen… Berandu irteteaz gain, bustita!!! Altxatu, nerbioak baretzeko lau arnasketa sakon egin eta aurrera, egun luzea baineukan aurretik.
Igoerari ekin nionean, gauzak aldatzen hasi ziren. Ezerezetik agertu izan balitz bezala, basoaren itzalen artetik azaldu zen nire Salbatzailea, Gorka Ripodas. Eskerrak bera etorri zen, bestela, Urkiagako mendatera bidean zegoen laironarekin, ziur nago galdu egin izango nintzela. Urkiagan elkarri agur esan ondoren, gogoak sendotuta, eguneko lehen kontrolgunera abiatu nintzen, Elizondora. Elizondora 11:00 aldean iritsi nintzen, pintxo pare bat jateko ordu ona. Marken bila herrigunetik pixka bat galduta ibili ondoren (esan beharra daukat, egun guzti hauetan gehien galdu naizeneko tokiak GR11a igarotzen zeneko herriak izan direla), azkenean bidea aurkitu, eta Berara abiatu nintzen. 60 km ‘baino’ ez zitzaizkidan falta.
Elizondo eta Bera arteko bidea nahiko gogorra egin zitzaidan, gora eta behera jarrai bat baita, eta oso adi joan beharra dago gainera, GR eta PR ugarirekin gurutzatzen baita. Lau ordu gogor igaro ondoren, azkenean Berara heldu nintzen, non lau Trail lasterkari handik osatutako eguneko lehen ongietorri batzordeak jaso ninduen: Kataka, Xanta, Uxue eta Mikel Leal agorrezina. Besarkaden ondoren, zerbait jan, eta hizketaldi eta barreen artean ekin genion abentura ero honetako azken 30 kilometroak egiteari. Egia esateko bidai guztiko zatirik errazena izan zen hau niretzat. Halako jendearekin, ohartu ere egin gabe munduari buelta osoa eman diezaiokezula uste dut, sekulakoa izan zen. San Marcial gotorlekurako jaitsiera hasi orduko, Uxuek agur esan zigun, larunbatean lasterketa baitzeukan eta ez zitzaion bere burua gehiegi derrigortzea komeni (bide batez, irabazi egin zuen lasterketa). San Marcial baino lehentxeago, 8 Mugalari mardulek osatutako eskolta inperiala azaldu zen, eta airean eraman ninduten jaitsiera osoan zehar, baita Irungo ‘zati gogorrean’ zehar ere. Pixkanaka kresal usaina hartzen hasiak ginen, eta 18:30 aldean, azkenean, hainbeste denboran zain egon nintzen murgilaldia egin nuen Higer lurmuturrean. Ondoren, lagun, familia eta bestelakoei musuak eman, garagardo batzuk hartu, nork egin duen ez dakidan baina bere errezeta berehalakoan hartuko nuen bizkotxo zoragarri bat jan, eta etxera. Gaur, 4 egun igaro dira jada egun handi hartatik, baina oraindik ezin izan dut irribarrea nire aurpegitik ezabatu.
Orain oporretan nago, baina bueltarako, abentura handi hau izan denaren laburpen txiki eta dibertigarri bat agintzen dizuet. Milesker hor egon izanagatik!!!