TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 11. Eguna, Sorogain – Higuer Lurmuturra

Beno, istorio guztiek amaiera duten bezalaxe, honi ere berea iritsi zaiola ematen du, eta berandutxo izan arren, hemen doakizue azken eguneko kronika. Atzerapena barkatzea espero, zorakeria hau bukatu zenetik ez bainaiz gelditu, eta orain, Bretainiako itsasertzeko oporretako arratsalde lasai hau aprobetxatuz, nire azken etapako xehetasunak kontatuko dizkizuet.

30_07_04

Egia esan behar badut, eguna nola hasi zen ikusita, une batez, norbaitek begizkoa egin zidala pentsatzera iritsi nintzen, eta ezingo nintzela Higer lurmuturreraino iritsi, egun horretan behintzat. Goizeko seietan gauzak prestatzen nenbilen jada, Sorogaineko aterpetxean gosariak zazpiak arte ematen ez zituztela nekien arren. Nerbioek ez zidaten lorik egiten uzten. 6:55 eta jantokiaren ateetan nengoen, itxaroten. Han ez zegoen inor. 7:00 eta arduradunaren berririk ez, urduritzen hasia nintzen. 7:05 eta atea jo nuen, ezer ere ez. Nire onetik ateratzen ari nintzen jada. 7:10ean, MIR Espazio Estaziotik ere entzungo zen EGUN ON bat bota nuen azkenean. Bi minututara, arduraduna eskaileretatik behera jaisten ikusi nuen, lo gelditu izanagatik barkamenak eskatuz. Azkar batean prestatu zuen gosaria irentsi ondoren, 7:30etan Iturrunburura bidean nengoen. Aterpetxearen irteeran zegoen errekastoa zeharkatzera nindoan unean, irrist egin eta nire hezurrek ur hotzarekin egin zuten topo… Kristorenak eta bi esan nituen… Berandu irteteaz gain, bustita!!! Altxatu, nerbioak baretzeko lau arnasketa sakon egin eta aurrera, egun luzea baineukan aurretik.

30_07_04

Igoerari ekin nionean, gauzak aldatzen hasi ziren. Ezerezetik agertu izan balitz bezala, basoaren itzalen artetik azaldu zen nire Salbatzailea, Gorka Ripodas. Eskerrak bera etorri zen, bestela, Urkiagako mendatera bidean zegoen laironarekin, ziur nago galdu egin izango nintzela. Urkiagan elkarri agur esan ondoren, gogoak sendotuta, eguneko lehen kontrolgunera abiatu nintzen, Elizondora. Elizondora 11:00 aldean iritsi nintzen, pintxo pare bat jateko ordu ona. Marken bila herrigunetik pixka bat galduta ibili ondoren (esan beharra daukat, egun guzti hauetan gehien galdu naizeneko tokiak GR11a igarotzen zeneko herriak izan direla), azkenean bidea aurkitu, eta Berara abiatu nintzen. 60 km ‘baino’ ez zitzaizkidan falta.

31_07_04 31_07_05

Elizondo eta Bera arteko bidea nahiko gogorra egin zitzaidan, gora eta behera jarrai bat baita, eta oso adi joan beharra dago gainera, GR eta PR ugarirekin gurutzatzen baita. Lau ordu gogor igaro ondoren, azkenean Berara heldu nintzen, non lau Trail lasterkari handik osatutako eguneko lehen ongietorri batzordeak jaso ninduen: Kataka, Xanta, Uxue eta Mikel Leal agorrezina. Besarkaden ondoren, zerbait jan, eta hizketaldi eta barreen artean ekin genion abentura ero honetako azken 30 kilometroak egiteari. Egia esateko bidai guztiko zatirik errazena izan zen hau niretzat. Halako jendearekin, ohartu ere egin gabe munduari buelta osoa eman diezaiokezula uste dut, sekulakoa izan zen. San Marcial gotorlekurako jaitsiera hasi orduko, Uxuek agur esan zigun, larunbatean lasterketa baitzeukan eta ez zitzaion bere burua gehiegi derrigortzea komeni (bide batez, irabazi egin zuen lasterketa). San Marcial baino lehentxeago, 8 Mugalari mardulek osatutako eskolta inperiala azaldu zen, eta airean eraman ninduten jaitsiera osoan zehar, baita Irungo ‘zati gogorrean’ zehar ere. Pixkanaka kresal usaina hartzen hasiak ginen, eta 18:30 aldean, azkenean, hainbeste denboran zain egon nintzen murgilaldia egin nuen Higer lurmuturrean. Ondoren, lagun, familia eta bestelakoei musuak eman, garagardo batzuk hartu, nork egin duen ez dakidan baina bere errezeta berehalakoan hartuko nuen bizkotxo zoragarri bat jan, eta etxera. Gaur, 4 egun igaro dira jada egun handi hartatik, baina oraindik ezin izan dut irribarrea nire aurpegitik ezabatu.

30_07_04

Orain oporretan nago, baina bueltarako, abentura handi hau izan denaren laburpen txiki eta dibertigarri bat agintzen dizuet. Milesker hor egon izanagatik!!!

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 10. Eguna, Izaba – Sorogain

21_07_01

Bizitzako gauza guztiak bezala, abentura hau ere bere bukaerara iristen dabilela dirudi, eta momentu honetan poztasunaren eta tristuraren artean nago. Pozik, nire ametsa burutua ikusiko dudalako, eta triste, ziur aski betirako gogoan izango dudan esperientzia hau amaitzen delako (ospitale psikiatriko batean ez bukatzea espero dut, nire bideoak ikusi ondoren edozer gerta baitaiteke…).

21_07_01

Azken egunotako ohitura ez galtzearren, gaur ere lo gutxi egin dut eta goizeko seietan irteteko beharrezko guztia prestatzen nenbilen jada. Izabako herriko jaiak direnez, kalera irten naizenean jendea parrandan zebilen oraindik eta 6:00tako momentu barregarria eskaini diet. Normala, pentsa ezazu, zu jai-giroan zaude sekulako mozkorrarekin, eta bat-batean, atari batetik, ez dakit zertaz mozorroturiko nano bat azaltzen da buruan bonbilla bat duela… Ba olatua egin didate!!!! Beno, gu geurera. Gaurko eguneko ezaugarri azpimarragarriena klimatologia izan da, nabari da bai non gauden…

20_07_04

Eguneko lehenengo 5 kilometroak zoragarriak izan dira, Idoiako ermitara igoeratxoa galtzada batetik, gurutze-bidean, eta gero harizti eder batetik igarotzen zen basabide batean barrena. Fresko egiten zuen, eta euri pixkat baita, baina gozatzen nengoen. Behin Kakuetara iritsita, ordea, harrixka zikinez eratutako pisten festa hasi da, eta horrela izan da Otsagabiararte. Berotan sartzeko, te bat eta tortilla pintxo bat jan ditut Otsagabian, eta egunaren bigarren zatiari ekin diot. Egia esateko, paisaiari dagokionez, ezer gutxi dut esateko eguneko bigarren zati honi buruz, parterik handiena laino oso zerratu batek lagunduta igaro baitut, eta ezin izan dut askorik ikusi. Are gehiago, uneren baten, zegoen laino guztiarekin beldurtzeraino iritsi naiz, ez bainituen markak ere ikusten…

21_07_01

Nire orientazio abilezia guztiak erabiliz, guztiz ezdeusak (bestela galde diezaietela Transgrancanariako training campeko orientazio eskoletara joaten direnei), Orbaizetara iristea lortu dut, eta bertan zerbait jateko gelditu naiz.

21_07_01

Bazkalostean, eguzki izpi lotsati batzuek beraien agerpena egin dute Aezko bailarako lursail berdeetan, eta kemena eta indarrak berrituta, eguneko azken etapari ekin diot. Orbaizeta eta Auritzen arteko bidea, ederra da beti. Ongi markatutako baso eta bideetatik igarotzen den gora-behera jarrai bat da, non erregea lokatza izan den gaur. Irristaldiren bat edo beste izan ondoren, Auritzera egoera bikainean iristea lortu dut, eta oraindik goiz zenez eta indar gutxi batzuk nituenez, Auritz eta Sorogain banatzen dituzten hamar kilometroak egitea erabaki dut, bihar kilometro gutxiago egin behar izateko…

Biharkoa izango da nire azken kronika. Gauza onak bukatu egiten dira beti…

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 9. Eguna, Sallent de Gallego – Izaba

21_07_01

Ia etxeratzera bultzatu ninduen atzo jasandako sekulako ahulaldiaren ondoren, gaur gauza argi batekin irten naiz; proiektu honi beste aukera bat eskaini nahi nion, esan bezala, atzo dena pikutara bidaltzekotan egon nintzen eta. Gaurko sentsazioak atzokoen berdinak izatekotan, autobus bat hartu eta etxera joango nintzela argi neukan. Horregatik zera erabaki dut: irten eta, Sallent eta Candanchú arteko zatian nituen sentipenen araberakoa izango zen proiektuarekin aurrera egitea edo dena bertan behera uztea. Goizeko bostetan abian nengoen jada, tenperatura ona eta sentsazio onak lehen zatian. Gallego urtegia inguratu eta poliki-poliki Izaseko mendi-leporantz joan naiz. Ongi sentitzen nintzen, baina ez nuen gehiegi behartu nahi nire burua, ondoren jarrera hori ordaindu behar izateko beldurrez. Candanchura oso fresko iritsi naiz, eta horregatik abentura honekin jarraitu eta behar bezalako amaiera bat ematea erabaki dut.

21_07_01

Pixkanaka goi-mendietako etapak atzean gelditzen zirela antzematen zen; larre gehiago, igoera eta jaitsiera labur eta leunagoak, basoak,… etxera heltzear nengoen! Eta horren ebidentziarik handiena, Ozako oihanera heltzen nengoela harrapatu nauen zaparrada izan da… gertu dago Mordor!!! Ez nintzen sekula Ozako oihanean izan, eta egia esateko asko gustatu zait. Hori bai, abandonatutako camping eta mendi-aterpe asko.

20_07_04 20_07_05

Atzoko egoera kaskarrarekin alderatuta ondoegi sumatzen nuen nire burua gaur, eta bihozkada txar bat neukan. Bigarren zaparradak Petrafichako mendi-lepora igotzen harrapatu nau, baina zorte handia izan dut, Sabucarreko abandonatutako aterpetik gertu bainengoen eta bertan babestu ahal izan bainaiz. Behin euria gelditu denean, berriz abian jarri eta ohartu naizenerako Petrafichatik Zurizara jaisten nengoen. Orduantxe hasi naiz erregairik gabe gelditzen nengoela konturatzen, eta atzo bezala ahitu orduko, gel bat hartu dut gorputzak Zurizako campingerarte eutsiko zuelako esperantzarekin, eta behin bertan, zerbait jan. Ozta-ozta baina iritsi naiz, eta egin dudan lehen gauza jantokian sartu eta bertan lubakitzea izan da, eta gero, bertatik ez mugitzea, nire sabelean ezer gehiago sartzen ez zela guztiz egiaztatu arte. Campingetik irtetean korrika egiten saiatu naiz eta arrakasta itzela izan dut!!! Ematen nuen urrats bakoitzeko, atzean korrokada edo puzker bat uzten nuen, eta hala ekin diot eguneko azken zatiari. Ezkaurreko haitzera bidean ematen nuen urrats bakoitzeko, handiagoa begitantzen zitzaidan hura, eta bere zeta gogorretan pentsatze hutsarekin hankak dardaratzen zitzaizkidan. Honelakoetan nenbilen ni zurezko seinale handi bik zera adierazten zuten bidegurutze batera iritsi naizenean: GR11.4 Izaba Ezkaurretik 6:30 eta GR11 Izaba izena oroitzen ez dudan ur-jauzi batetik, 2:30… Zein aukeratu dudala uste duzue? Umeen menukoa, hain zuzen ere!!!

21_07_01

Nire gorputza lehenagotik ezagutzen ez nituen alderdi berriak erakusten ari zait. Orain badakit 2 edo 3 egun onen ondoren, egun txar bat datorkidala, eta eutsi egin behar diodala. Nire kalkuluen arabera, asteazkenean Kantauri itsasoko uretan bainatzen egotea espero dut, eta atzokoa izan izana egunik txarrena…

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 8. Eguna, Bujaruelo aterpetxea – Sallent de Gallego.

Pikutara joan dadila dena, gehiago sufritzeaz paso egiten dut!!! Hori da Sallent de Gallegora jaisten ari nintzen bitartean burura etorri zaidan lehen gauza. Bizitzen nabilen abentura honek antz handia dauka guk egiten ditugun lasterketekin. Animoz gainezka aurkitzen zareneko momentuak daude, zure gorputza hegan doa eta inoiz nekatuko ez zarela ematen du. Beste batzuetan, aldiz, inora iristen ez zareneko pertzepzioa daukazu, nekatuta zaude, gauza guztiekin behaztopatzen zara, gorputz guztia minbera daukazu… Horretan datza alderdi psikologikoak hain pisu handia duen kirol honen sekretuak; momentu horiek ongi kudeatzen jakitean. Ba gaur, denok gure barruan ditugun aingerutxo eta deabrutxoak bat egin dute eta nire abentura bertan behera utz nezan saiatu dira…

21_07_01

Egia esan, eguna nahiko ongi hasi da. Gosari eder baten ondoren, 7:30etan irten naiz tenperatura oso on batek lagunduta, Panticosara bidean. Tarte honen erdiko zatia, bere marken eskasiak eta dauden gutxien egoera kaskarrak bereizten du, zaharkituak edo gaizki margotuak baitaude. Hori dela eta, pare bat aldiz galdu naiz eta Mugalari handi birekin nuen nire gaurko hitzordura berandu iritsi, Mikel Leal ea Katakarekin, hain zuzen.

20_07_04 20_07_05

Bi pertsonaia hauek Cuello Alto de Brazatotik 100 bat metrotara topatu ditut, toki ezin politagoan. Material, lasterketa, lasterkari eta nesken (alfa arrak baikara!!) istoria eta kontuen artean, ohartu garenerako Panticosan geunden jada, garagardo baten aurrean. Garagardoa, lagunarteko Trail Runningaren parte da, eta kontrakoa esaten duena gezurretan dabil.

21_07_01

Besarkada eta animoak, eta nik nire bideari ekin diot. Bachimaña Bajoko aintzirarako igoera zoragarria neukan aurretik, gaur, igandea izanda, Bilboko Kale Nagusiaren antza zuena. Behin puntu honetara iritsita heldu da nire lehenengo estutua; bat-batean izan da, eta korrika joan behar izan dut Boxesetara, geldialdi tekniko bat burutzera. Behin hasita, amaierarik izan ez duen kontua izan da. Ez dakit zenbatetan gelditu izango nintzen kaka egitera, baina ziur nago gune horretan dauden GR markak bezainbestetan izango zela. GR11 osoko tokirik politenetik igarotzen nengoen eta ezin ezertxo ere disfrutatu. Guztiz hustuta gelditu naiz. Gainean neramatzan barratxo biak eta gel biak jan ditut, eta indarge nengoen. Tebarrayko Gailurretik Sallentera bitartean, ez naiz 100 metro jarraian korrika egiteko gai izan, eta jaitsiera amaiezina iruditu zait. Nire asmoa Candanchún bukatzea zen, baina nire Minardi motoreak gaur urrats bakar bat gehiago emango ez zuela esan dit, eta aurkitu dudan lehen ostatuan sartu naiz.

21_07_01

Egia esan behar badizuet, kontua nahiko ilun ikusten dut orain. Fisikoki oso nekatuta nago, eta gogo-aldartea minimoen azpitik daukat. Orain jatea tokatzen da, kakajarioa moztu dadila eta lo egitea. Ziur bihar gauzak ezberdin ikusiko ditudala.

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA by COMPRESSPORT 7. eguna, Parzan-Refugio Bujaruelo

21_07_01

Egun handia gaurkoa. Esperientzia honen hasieratik, gaur izan da ongi sentitu ez naizen lehen eguna, nekatuta nengoen. Eskerrak “arrastatu” naizeneko izugarrizko ibilbideek jarraitzera motibatzen ninduten, eta bailara berri bakoitzak, gehiago animatu baizik ez ninduela egiten. Egia esateko, Parzanetik abiatu eta Pietramulako muinorako norantzan doan pista igotzen hasi naizenean, ikuspegiak ikaragarriak izan dira, baina pista bera kaskarra. Pietramulara igo, eta gainontzeko bidaldia koadro baten markoztatzekoa izan da. Pinetako jaitsiera, Collata de Añisclorako igoera latz eta amaigabea, Gorizeko aterpetxearen ingurua, Cola de Caballoko aldapa behera, … Nire erdipurdiko egoera fisikoaz aparte, dena perfektua izan da..

21_07_01

Eguneko anekdota bezala, Gorizeko aterpetxean zerbait jaten nengoela, bezero batzuk aterpetxeetako produktuen prezio altuez kexu entzun ditut. Jendeak ez du ulertzen aterpetxe horietako askotara jeneroa helikopteroz igo behar dela, eta horrek prezioak asko garestitzen dituela. Aterpetxeak garestiak izango dira, baina bertan zerbitzatzen dituzten anoak sekulakoak dira. Halako anoa handiak ateratzen dituzte, non plater erraldoi horiek mahai gainean uzten dituztenean, makarroiek begietara begiratu eta zera diotela: ” motel, gaur biotako bat ez da hemendik bizirik aterako!”

Tagged with:
Posted in Blog

TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 6. eguna, Conangles-Parzan

“BROUMMMMMM !!!!!” Hori izan da gaurko kapituluko soinu banda, trumoien hotsa. Bart gauen botatakoa entzun ondoren, Conangleseko aterpretxean gaua pasatu genuen 12 ibiltarietako batek ere ez genuen gris eta euritsu argitzen zegoen egun horretan ezer asko egiteko esperantzarik.Euriak ez ninduen gehiegi kezkatzen (zer esango du ba euskaldun batek?! ), bai ordea, ekaitzak goikaldeetan harrapatu, eta kontua itsusi jartzea. Azkenean, zortea probatzea erabaki nuen eta euria egiteari pixkat utzi zionean, goizeko 7:30etan, Benasqueko bailararako bideari ekin nion. Salenqueseko bailararako lehen igoera amaiezinaren ondoren, Estany de Cap de Llauset aldetik eta Collado de Ballibierna igotzen hasi aurretik, ezaguna nuen zerbait ikusi nuen. GR seinaleen artean, lasterketa bateko seinale zintak zeuden zintzilikaturik!!! Noski, ordu batzuk beranguago Aneto mendiguneari buelta emango zion lasterketako parte hartzaileek jarraituko zituzten seinaleak ziren haiek.

21_07_01

Bukaerarik gabeko pista guztian zehar jarraitu nituen, ia Benasquera iristean eskuinetara biratu nuen arte, Estos bailarara bidean. Estoseko aterpetxean egin nuen zerbait jateko eguneko geldialditxoa, eta Biados aterpetxerako bideari ekin nion, atzerapenik gabe, etengabeko trumoi mehatxuarekin. Chistau mendaterako igoera luzearen eta jaitsiera zoragarri baten ondoren, Biadosera iritsi nintzen; azken igoera baizik ez nuen falta, eta egina zegoen.

D’Es Caballoseko igarobidera igotzean, behelaino pixkat sartu zen eta ekaitz txiki bik harrapatu ninduten. Helmuga gertu zegoenez, gogoekin ekin nion igoerari. Eguna pista bidezko beste jaitsiera nazkagarri batekin amaitu nuen, nire orkatilla eta belaunek ezin dute gehiago!!! Behin Parzanera iritsita eta nenkarren gosearekin, zuzenean afaltzera joan nintzen, dutxatu eta aldatu ere egin gabe. Asko sentitzen dut nire ondoan afaltzea tokatu zitzaien haiengatik…

21_07_01

Tagged with:
Posted in Blog