TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 10. Eguna, Izaba – Sorogain

21_07_01

Bizitzako gauza guztiak bezala, abentura hau ere bere bukaerara iristen dabilela dirudi, eta momentu honetan poztasunaren eta tristuraren artean nago. Pozik, nire ametsa burutua ikusiko dudalako, eta triste, ziur aski betirako gogoan izango dudan esperientzia hau amaitzen delako (ospitale psikiatriko batean ez bukatzea espero dut, nire bideoak ikusi ondoren edozer gerta baitaiteke…).

21_07_01

Azken egunotako ohitura ez galtzearren, gaur ere lo gutxi egin dut eta goizeko seietan irteteko beharrezko guztia prestatzen nenbilen jada. Izabako herriko jaiak direnez, kalera irten naizenean jendea parrandan zebilen oraindik eta 6:00tako momentu barregarria eskaini diet. Normala, pentsa ezazu, zu jai-giroan zaude sekulako mozkorrarekin, eta bat-batean, atari batetik, ez dakit zertaz mozorroturiko nano bat azaltzen da buruan bonbilla bat duela… Ba olatua egin didate!!!! Beno, gu geurera. Gaurko eguneko ezaugarri azpimarragarriena klimatologia izan da, nabari da bai non gauden…

20_07_04

Eguneko lehenengo 5 kilometroak zoragarriak izan dira, Idoiako ermitara igoeratxoa galtzada batetik, gurutze-bidean, eta gero harizti eder batetik igarotzen zen basabide batean barrena. Fresko egiten zuen, eta euri pixkat baita, baina gozatzen nengoen. Behin Kakuetara iritsita, ordea, harrixka zikinez eratutako pisten festa hasi da, eta horrela izan da Otsagabiararte. Berotan sartzeko, te bat eta tortilla pintxo bat jan ditut Otsagabian, eta egunaren bigarren zatiari ekin diot. Egia esateko, paisaiari dagokionez, ezer gutxi dut esateko eguneko bigarren zati honi buruz, parterik handiena laino oso zerratu batek lagunduta igaro baitut, eta ezin izan dut askorik ikusi. Are gehiago, uneren baten, zegoen laino guztiarekin beldurtzeraino iritsi naiz, ez bainituen markak ere ikusten…

21_07_01

Nire orientazio abilezia guztiak erabiliz, guztiz ezdeusak (bestela galde diezaietela Transgrancanariako training campeko orientazio eskoletara joaten direnei), Orbaizetara iristea lortu dut, eta bertan zerbait jateko gelditu naiz.

21_07_01

Bazkalostean, eguzki izpi lotsati batzuek beraien agerpena egin dute Aezko bailarako lursail berdeetan, eta kemena eta indarrak berrituta, eguneko azken etapari ekin diot. Orbaizeta eta Auritzen arteko bidea, ederra da beti. Ongi markatutako baso eta bideetatik igarotzen den gora-behera jarrai bat da, non erregea lokatza izan den gaur. Irristaldiren bat edo beste izan ondoren, Auritzera egoera bikainean iristea lortu dut, eta oraindik goiz zenez eta indar gutxi batzuk nituenez, Auritz eta Sorogain banatzen dituzten hamar kilometroak egitea erabaki dut, bihar kilometro gutxiago egin behar izateko…

Biharkoa izango da nire azken kronika. Gauza onak bukatu egiten dira beti…

Tagged with:
Posted in Blog