Aurretik egun luzea izango nuela nekienez, nire POLAR V800eko iratzargailuak goizeko 5etan esnatu nau, nire gogoz kontra izan bada ere. Zuku, banana eta ogi apur batekin lagundutako kafesne batek osatutako gosari arin baten ondoren, aurrera! Egunak argitzen zuen bitartean irten naiz, eta hasiera batean hotz pixkat sentitu arren, Begetetik Moli d’en Sorolla bitarteko etengabeko igoerak, segituan epeldu nau. Eguneko lehen erdiaren zatirik handiena igotzen izan da, Mollo, Puig Moscos, Coll de Liens,… Basoez agurtu naiz gaur, eta Pirinioetako belardien paradisuan sartu. Lehen kontrol gunea Setcases deituriko herri ederrean izan da. Bertara iristea ikaragarri kostatu zait, hain irrikatutako marka zuri eta gorriek nirekin ezkutaketan jolastea erabaki baitute herrira bidean zegoen pinudian.
Setcasesko irteeran hasi dira eguneko lehenengo eragozpenak, Coll de la Marranak dituen 2500 metrotik gorako garaierararte zihoan malda gogor baten itxuran. Zati honetan gaizki pasatu dut, eta aldi luze batez oinez jarraitu dut, 2800 metro baino gehiagoko garaierara. Ez dakit indartsuegi joateagatik edo garaieragatik beragatik, beherakada garrantzitsua izan dut bertan. Zorionez, Santuario de Nuriako jaitsieran indarberritzea lortu dut, eta indartsu hasi ahal izan dut eguneko igoerarik gogorrena, Puigmalerako igoera. GR11 ez da 2913 metrotako gailur honetatik igarotzen, baina Transpirenaica gidaliburuaren arabera, igoera honekin bidaldi egun bat aurrezten da, eta batez ere, ikuspegiak ikusgarriak dira. Puigcerdarako jaitsiera amaigabea iruditu zait, eta une batez koadrizepsik gabe geratuko nintzela pentsatzera iritsi naiz!!! Eskerrak herri honen atarian d¨Arabo ibaia neukan beso zabalik nire zain, eta bertan murgildu dira nire hanka jipoituak…
Gutizi bat eskaini diot nire buruari txokolatezko napolitana forman Puigcerdan, eta eguneko azken igoerari ekiteko prestatu naiz, Malniu aterpetxerako igoera hain zuzen. 15 ordu baino gehiagoren ondoren, azkenean biziki eskertu dudan pasta eta garbantzuzko zopa baten aurrean eseri naiz.
Bihar, seguruenik egunotako etaparik gogorrena izango dena daukat aurretik, Malniuko aterpetxetik Tavascanera… Welcome to Violence!!!!!!.