Pikutara joan dadila dena, gehiago sufritzeaz paso egiten dut!!! Hori da Sallent de Gallegora jaisten ari nintzen bitartean burura etorri zaidan lehen gauza. Bizitzen nabilen abentura honek antz handia dauka guk egiten ditugun lasterketekin. Animoz gainezka aurkitzen zareneko momentuak daude, zure gorputza hegan doa eta inoiz nekatuko ez zarela ematen du. Beste batzuetan, aldiz, inora iristen ez zareneko pertzepzioa daukazu, nekatuta zaude, gauza guztiekin behaztopatzen zara, gorputz guztia minbera daukazu… Horretan datza alderdi psikologikoak hain pisu handia duen kirol honen sekretuak; momentu horiek ongi kudeatzen jakitean. Ba gaur, denok gure barruan ditugun aingerutxo eta deabrutxoak bat egin dute eta nire abentura bertan behera utz nezan saiatu dira…
Egia esan, eguna nahiko ongi hasi da. Gosari eder baten ondoren, 7:30etan irten naiz tenperatura oso on batek lagunduta, Panticosara bidean. Tarte honen erdiko zatia, bere marken eskasiak eta dauden gutxien egoera kaskarrak bereizten du, zaharkituak edo gaizki margotuak baitaude. Hori dela eta, pare bat aldiz galdu naiz eta Mugalari handi birekin nuen nire gaurko hitzordura berandu iritsi, Mikel Leal ea Katakarekin, hain zuzen.
Bi pertsonaia hauek Cuello Alto de Brazatotik 100 bat metrotara topatu ditut, toki ezin politagoan. Material, lasterketa, lasterkari eta nesken (alfa arrak baikara!!) istoria eta kontuen artean, ohartu garenerako Panticosan geunden jada, garagardo baten aurrean. Garagardoa, lagunarteko Trail Runningaren parte da, eta kontrakoa esaten duena gezurretan dabil.
Besarkada eta animoak, eta nik nire bideari ekin diot. Bachimaña Bajoko aintzirarako igoera zoragarria neukan aurretik, gaur, igandea izanda, Bilboko Kale Nagusiaren antza zuena. Behin puntu honetara iritsita heldu da nire lehenengo estutua; bat-batean izan da, eta korrika joan behar izan dut Boxesetara, geldialdi tekniko bat burutzera. Behin hasita, amaierarik izan ez duen kontua izan da. Ez dakit zenbatetan gelditu izango nintzen kaka egitera, baina ziur nago gune horretan dauden GR markak bezainbestetan izango zela. GR11 osoko tokirik politenetik igarotzen nengoen eta ezin ezertxo ere disfrutatu. Guztiz hustuta gelditu naiz. Gainean neramatzan barratxo biak eta gel biak jan ditut, eta indarge nengoen. Tebarrayko Gailurretik Sallentera bitartean, ez naiz 100 metro jarraian korrika egiteko gai izan, eta jaitsiera amaiezina iruditu zait. Nire asmoa Candanchún bukatzea zen, baina nire Minardi motoreak gaur urrats bakar bat gehiago emango ez zuela esan dit, eta aurkitu dudan lehen ostatuan sartu naiz.
Egia esan behar badizuet, kontua nahiko ilun ikusten dut orain. Fisikoki oso nekatuta nago, eta gogo-aldartea minimoen azpitik daukat. Orain jatea tokatzen da, kakajarioa moztu dadila eta lo egitea. Ziur bihar gauzak ezberdin ikusiko ditudala.