Nolakoak diren gauzak. Atzo eguna pentsamendu ilunekin beteta bukatu nuen, eta 6 ordu lo egin ondoren, gorputzak reset egin, eta beste era baten ikusten da dena. Gaur hamar ordu lo egin izanaren sentsazioarekin esnatu naiz goizeko lau t’erdietan, eta ohean egiteko askorik ez neukanez, arropa jantzi eta mendirantz joan naiz. Atzo zein gaizki pasatu nuen ahazteko asmoarekin irten naiz gaur, inongo helmuga zehatzik gabe. Gorputzak nahikoa zela esan arte korrika egiteko gogoa nuen bakarrik, eta orduan, gelditu. Berdin zitzaidan ordu bat, bi, bost edo hamalau ibili, burua gizonezkook hain gustuko dugun toki horretan baineukan, ezertan pentsatzen ez deneko tokian hartan, oinez ibili edo korrika egin, besterik ez. Gauzak horrela, konturatzerako Montcaubo jaisten nengoen, eta nire aurrean d’Aneuko bailara izugarria ireki zait.
La Guingueta atzean utzi eta hirugarren martxa sartuta, Estany de St. Mauricira bidean jarri naiz. Espot herritik nindoalarik, croissant batzuk niri deika hasi dira kafetegi baten barrutik, eta honezkero dakizuenez, heziketa fineko gizona naiz ni eta kasu egin behar izan diet… jakin izan banu!!! Croissantekin eztarrian joan naiz ia Estany de St Mauricera iritsi arte!!!! St Mauricen, Aiguestorteseko bailaran sartu naiz, orain arte bidean aurkitu dudan tokirik ederrena. Bertatik pasatzen da “Carros de Foc” buelta zirkular famatua, zeinaren errekorra, nire lagun handia den Txus Romonek daukan. Egunen baten buelta hori egiteko itzuli beharra daukat. Bailarari eragozpenen bat jarri beharko banio, lakuen inguruetan dauden belardietako euli kopuru zenbatezina litzateke; une batez argazki bat ateratzeko gelditzea bururatu zait, eta gutxienez 100.000 eulik inguratu naute (100, gobernu zibil eta ABCren arabera), eta erreskate bat ordaindu behar izan dut bakean utz nezaten (ez da inongo erreskaterik ordaindu gobernuaren arabera, terroristekin ez baita negoziatzen). Ustekabekoaren ondoren, goseak berriz aurrean hartu nau eta Colomerseko aterpetxean tortilla otarteko bat jan ostean, eguneko azken zatiari ekin diot.
Gauzak nola joan direnaren arabera, Restancako aterpetxean lo egitea pentsatuta neukan hasieran, baina indartsu ikusi dudanez nire burua, animatu eta Conangleseko aterpetxeraino iritsi naiz, hilda, baina aurpegian kabitu ezineko irribarre batekin. Eguneko ukitu negatibo gisa, Lac de Riusetik Conangleserako jaitsiera handian, justu amaieran, izan dudan erorikoa azpimarratuko nuke. Orain, hotzean, belauna kexu da. Ikusiko dugu ea bihar zer dion.