Ibilbide berezi honetako ekintzarik zailena lehen pausua ematea da, eta gaur, azkenean, milaka bihurtuko diren pausuotako lehenengoa eman dut. Nire asmoa goizeko 6 edo 7ak aldean irtetea zen, baina azkenean, logistika arazoak medio, 08:45tan irten naiz. Mediterraneoari azken begiratu bat egin eta aurrera.
Lehenengo zatia Cap de Creuseko ilargi-paisaiatik igaro da, oso dibertigarri eta entretenigarria, ondoren aurkituko nuenarekin batere zerikusirik gabekoa. Lehenengo akatsa El Port de la Selva herrian burutu dut. Puntu horretan, GR98 edo 93ak, GR11rekin bat egiten zuten, eta ia Cadaqueseraino joan naiz… Bi ordu galdu, zoro-zoroan!! Atzera bueltatu, eta Llancan GR11 hartu dut berriz. Llanca eta Espolla bitarteko zatia ikaragarria izan da, bero asko, eta batez ere, asfalto gehiegi. Nahikoa urduritu naiz eta zatirik handiena oinez egin dut, ez neukan korrika egiteko motibaziorik. Zorionez, Espolla atzean uztearekin batera dena aldatu da, eta nekatuen nengoen momentu horretan gozatu dut gehien.
Espolla eta La Jonquera arteko zatia trumoi eta zaparrada handien artean egin dut, baina helmuga gertu zegoenez, ez naiz gehiegi kexatu. Orain indarberritzea tokatzen da, bihar oso egun gogor bat daukat aurretik eta.