TRANSPIRENAICA By COMPRESSPORT 9. Eguna, Sallent de Gallego – Izaba

21_07_01

Ia etxeratzera bultzatu ninduen atzo jasandako sekulako ahulaldiaren ondoren, gaur gauza argi batekin irten naiz; proiektu honi beste aukera bat eskaini nahi nion, esan bezala, atzo dena pikutara bidaltzekotan egon nintzen eta. Gaurko sentsazioak atzokoen berdinak izatekotan, autobus bat hartu eta etxera joango nintzela argi neukan. Horregatik zera erabaki dut: irten eta, Sallent eta Candanchú arteko zatian nituen sentipenen araberakoa izango zen proiektuarekin aurrera egitea edo dena bertan behera uztea. Goizeko bostetan abian nengoen jada, tenperatura ona eta sentsazio onak lehen zatian. Gallego urtegia inguratu eta poliki-poliki Izaseko mendi-leporantz joan naiz. Ongi sentitzen nintzen, baina ez nuen gehiegi behartu nahi nire burua, ondoren jarrera hori ordaindu behar izateko beldurrez. Candanchura oso fresko iritsi naiz, eta horregatik abentura honekin jarraitu eta behar bezalako amaiera bat ematea erabaki dut.

21_07_01

Pixkanaka goi-mendietako etapak atzean gelditzen zirela antzematen zen; larre gehiago, igoera eta jaitsiera labur eta leunagoak, basoak,… etxera heltzear nengoen! Eta horren ebidentziarik handiena, Ozako oihanera heltzen nengoela harrapatu nauen zaparrada izan da… gertu dago Mordor!!! Ez nintzen sekula Ozako oihanean izan, eta egia esateko asko gustatu zait. Hori bai, abandonatutako camping eta mendi-aterpe asko.

20_07_04 20_07_05

Atzoko egoera kaskarrarekin alderatuta ondoegi sumatzen nuen nire burua gaur, eta bihozkada txar bat neukan. Bigarren zaparradak Petrafichako mendi-lepora igotzen harrapatu nau, baina zorte handia izan dut, Sabucarreko abandonatutako aterpetik gertu bainengoen eta bertan babestu ahal izan bainaiz. Behin euria gelditu denean, berriz abian jarri eta ohartu naizenerako Petrafichatik Zurizara jaisten nengoen. Orduantxe hasi naiz erregairik gabe gelditzen nengoela konturatzen, eta atzo bezala ahitu orduko, gel bat hartu dut gorputzak Zurizako campingerarte eutsiko zuelako esperantzarekin, eta behin bertan, zerbait jan. Ozta-ozta baina iritsi naiz, eta egin dudan lehen gauza jantokian sartu eta bertan lubakitzea izan da, eta gero, bertatik ez mugitzea, nire sabelean ezer gehiago sartzen ez zela guztiz egiaztatu arte. Campingetik irtetean korrika egiten saiatu naiz eta arrakasta itzela izan dut!!! Ematen nuen urrats bakoitzeko, atzean korrokada edo puzker bat uzten nuen, eta hala ekin diot eguneko azken zatiari. Ezkaurreko haitzera bidean ematen nuen urrats bakoitzeko, handiagoa begitantzen zitzaidan hura, eta bere zeta gogorretan pentsatze hutsarekin hankak dardaratzen zitzaizkidan. Honelakoetan nenbilen ni zurezko seinale handi bik zera adierazten zuten bidegurutze batera iritsi naizenean: GR11.4 Izaba Ezkaurretik 6:30 eta GR11 Izaba izena oroitzen ez dudan ur-jauzi batetik, 2:30… Zein aukeratu dudala uste duzue? Umeen menukoa, hain zuzen ere!!!

21_07_01

Nire gorputza lehenagotik ezagutzen ez nituen alderdi berriak erakusten ari zait. Orain badakit 2 edo 3 egun onen ondoren, egun txar bat datorkidala, eta eutsi egin behar diodala. Nire kalkuluen arabera, asteazkenean Kantauri itsasoko uretan bainatzen egotea espero dut, eta atzokoa izan izana egunik txarrena…

Tagged with:
Posted in Blog